Vestalak eta hauen eragin publikoa K.a. I.mendetik K.o. I.mendera
Laburpena
Izaera politeista, tradizional, guztiz erritual eta praktiko irmoa barneratuko duen Erromako erlijioa, etengabe politikaren eskutik joanik, hiritarrek komunitatearen onerako erabilitako tresna nagusienetarikoa zen. Testuinguru honetan, Vestalak ziren Antzinako Erromako emakumezkoen sazerdozio publiko ezagunenetarikoa, apaizgoko sei kideek bizitza osoan Vesta jainkosaren eta, ondorioz, res publica-ren zerbitzupean jardunez. Baldintza zorrotzen bidez hautatuak eta pontifizeen collegium-aren autoritatepean gutxienez hogeita hamar urtez egonda, Erromako egoitza zen aedes Vestae tenpluko su sakratua zainduko zuten hiriko zein inperioko jarraikortasuna eta loraldia ahalbidetzearren. Bestalde, iturri klasiko idatzien aburuz, hiriko historiaren hasieratik ezarriak, Inperioarekin kontserbadurismoaren ikurra izango ziren, Erromako iragan oparoa behin eta berriz gogoarazteko eta, horrela, etorkizun arrakastatsuaren ideia aditzera emateko baliabidea bihurtuz.
Emakumeak izan arren, gizarte erromatarrean status berezi eta bakarraz gozatu zuten: matronae-en ezaugarri batzuez gain, gizonezkoen zenbait pribilegio zituzten (hala nola, testamentuak egitea, anfiteatroko leku pribilegiatuak edo hainbat sakrifizioetan parte hartze zuzena izatea mola salsa-ren ekoizpenarekin), identitate anbiguoa barneratuz.
Nolanahi ere, nortasun honek Erromaren egonkortasunaren segurtasuna edo apurketa gauza zezakeen, jarrera egokia ekiditeak hondamenean eratorri zezakeelako. Pudicitia (birjintasuna) kontserbatu beharrak ziurtasuna suposatzen zuen. Kontrakoan, incestum kasuak emateak pax deorum-aren (jainkoekiko harreman baketsua) amaiera zekarren, Erroma anabasan murgilduko baitzen. Izan ere, K.a. I eta K.o. I. mendeen bitarteko egoera politiko eta sozial ezegonkorra (gerra zibilak eta matxinadak, besteak beste) Vestalen jarrera desegokiari leporatzen zitzaion, Senatuaren boterea erlijioaren gainetik jarriz: gizonezkoen akats politikoak ezkutatu ziren eta krimenaren garbitze errituala bilatuko zen “ordena” berrezartzeko xedearekin.
Beraz, zein nolako eragina izan zuten Vestalek erromatar gizartean? Konpara daiteke hauen presentzia arlo publikoko bestelako botereekin? Ezinbestekoak ziren Erromako oparotasunaren jarraipena bermatzeko? Lan honen gai nagusia, hortaz, emakumezko berezi hauen presentzia publikoa da, Erromako hirian jendearen aurrean egoteko modu bat izango zela, hain zuzen ere.