Euskarazko post-edizioa: aurreiritziak, aplikazioa eta gogoetak Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleen artean
Fecha
2018-12-03Autor
Irurzun Biain, Irati
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Euskarazko postedizioa izan da lan honen ardatza. Gure xedea euskarazko postedizioa zertan den aztertzea eta etorkizunean itzultzaile profesional izango direnen artean horren inguruko gogoeta bultzatzea da. Zehazki, erabiltzaileen pertzepzioan jarri dugu fokua. Horretarako, proba bat diseinatu dugu eta UPV/EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko hiru eta laugarren mailetako 22 ikaslerekin gauzatu dugu. Alde horretan da berritzailea gure ikerketa, aurretik eginiko ikerketetan inoiz aztertu ez den kolektibo bati jarri baitiogu arreta. Hasierako sarreraz eta ondorioez gain, hiru atal nagusitan antolatu dugu lan hau.
Lehenik, gaiaren inguruko azalpen teorikoa eskaini dugu. Postedizioaren definizio bat ematen saiatu gara eta postedizio jarduera baldintzatzen duten faktoreak zeintzuk diren ikusi dugu. Euskal postedizioa zertan den ere aztertu dugu eta orain arte gaiaren inguruan egin diren azterketak aipatu ditugu.
Bigarrenik, alderdi teorikoa landu ondoren, lanaren metodologia deskribatu dugu xehe-xehe. Lan honetan bi informazio-iturri erabili ditugu nagusiki: parte-hartzaileek proba aurretik eta proba ondoren erantzun beharreko galdetegi bana eta postedizio ataza. Horretarako eman dugun urrats bakoitza azaldu dugu atal honetan, probaren prestakuntzatik hasita, parte-hartzaileak biltzera eta esperimentua gauzatzera arte.
Hirugarrenik, probatik ateratako emaitzak aztertu ditugu. Hirugarren atal honen barruan hiru azpiatal bereiz ditzakegu: lehen galdetegitik ateratako ondorioei dagokien atala, probako produktibitatearen azterketari dagokion atala, eta bigarren galdetegitik ateratako ondorioei dagokiena.
Ondorio nagusiak aipatu ondoren, lanaren marko teorikorako oinarri hartu ditugun lanak bildu ditugu bibliografia atalean, eta lanerako funtsezko izan zaizkigun dokumentu batzuk jarri ditugu eskuragarri eranskin gisa: parte-hartzailek erantzun beharreko bi galdetegiak, proban itzuli beharreko testua gazteleraz, metrika automatikorako erabilitako erreferentziazko itzulpena eta hiru itzultzaile automatikoen itzulpena.
Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea gure ikerketa honen emaitzak ezin direla behin-betikotzat jo, 22 ikasleko lagin txiki batekin egin baitugu proba eta ezin baitira, inondik inora ere, guk ateratako emaitzak graduko ikasle guztietara orokortu, are gutxiago itzultzaile guztietara. Hala eta guztiz ere, euskarazko postedizioaren inguruko ideia orokor bat egiteko balioko digu proba honek, eta interesgarria litzateke arlo honetan ikertzen jarraitzea, euskal itzulpengintzaren oraina eta geroa deskribatzen lagunduko duelako eta itzultzaileen jardunaren eboluzioa hobeto ulertzen lagunduko duelako