Loturarik gabeko egoitzen bila: egoitzetan lotura mekanikoak murrizteko bereizten diren heziketa programen identifikazioa eta euren eraginkortasunaren azterketa
View/ Open
Date
2021-10-15Author
Ruiz Arroyo, Irati
Metadata
Show full item recordAbstract
Marko teorikoa eta justifikazioa: Gaur egun, lotura mekanikoen erabilerak eztabaida handia sortzen duen gaia da, batez ere alderdi sozio-sanitarioan; eragiten dituen ondorio fisiko, etiko, moral eta juridikoak direla eta. Izan ere, bere aplikapena justifikatzeko, oraindik ere argudio ezberdinak erabiltzen dira. Hala ere, nahiz eta lotura mekanikoek adinekoengan ondorio anitz eragin ditzaketela jakin, hauen erabilera erakusten duten datuak altuak izaten jarraitzen dute. Horregatik, azken urteetan loturarik gabeko arreta-ingurunea lortzeko, profesionalei zuzenduriko interbentzio programa ezberdinak sortu dira.
Helburu orokorra: Egoitzetan euste mekanikoak murrizteko bereizten diren heziketa programen identifikazioa eta euren eraginkortasuna aztertzea.
Metodologia: 2008. urtetik gaur egun arte argitaratutako ingelesezko eta gaztelerazko artikuluak aztertu ziren. Hauek eskuratzeko, alde batetik hurrengo datu baseak erabili ziren: Medline, Embase, PsycInfo, Cinhal, Cuiden, Wos, JBI eta Chocrane Library. Bestalde, esku-bilaketa burutu zen honako aldizkari zientifikoetan: “Rev Esp de Geriatría y Gerontología”, “Journal Of Nursing Scholarship” eta “BMC Geriatrics”. Horrez gain, Praktika Klinikoko Gidak (RNAO, NICE, Guía Salud eta Osteba) ere kontsultatu ziren. Azkenik, 15 artikulu kuantitatibo aztertu ziren; 14 entsegu kliniko eta behaketazko kohorte bat.
Emaitzak eta eztabaida: Lotura mekanikoak murrizteko dauden hamabi programa identifikatu ostean, hauen eragina bost irizpideen arabera aztertu zen. Loturen prebalentziari dagokionez, nahiz eta ikerketen arteko heterogeneotasuna egon, programa gehienek eusteen murrizketa lortu zuten. Bestalde, lotura mekanikoen ezabaketak farmako psikotropikoen preskibapena eta erorketa kopurua murrizten duela ondorioztatu zen kasu gehienetan. Horrez gain, egoiliarren aztoramen maila aztertutako ikerketek, murrizketa arina erakutsi zuten. Halaber, profesionalen ezagutzan interbentzioek izandako eragina nahiz eta programa gutxik aztertu, hobekuntza azaleratu zuten.
Ondorioak: Orokorrean, aztertutako artikuluen arabera, egoitzetako lotura mekanikoak murrizteko osagai anitzeko interbentzioak eraginkorrenak direla ondorioztatu zen. Halaber, ikusi zen erizainak ez ezik, talde multidiziplinar guztiari zuzenduriko programak eta profesionalei kontsulta aukerak eskeintzen dietenak eusteen prebalentzia jaisten lagundu zutela. Medikazio, erorketa kopuruari eta egoiliarren aztoramenari dagokionez, baieztatu zen loturek hiru aldagaien gorakada eragiten dutela. Bestalde, profesionalen ezagutzak mantentzeko eta pertsonan zentraturiko arreta ingurumena lortzeko, etengabeko heziketa beharrezkoa dela esan daiteke. Dena den, etorkizunari begira ikerketa gehiago egin beharko lirateke.