Afasiaren ebaluazioa eta tratamendua euskal elebidunetan: Euskal Herriko egungo egoeraren azterketa
View/ Open
Date
2021-11-19Author
Villanueva Sanchez, Iker
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Sarrera: Afasia burmuineko lesio baten ondorioz (adb. iktusa) hitz egiteko ahalmenaren galera da, eta komunikazio arazo handia eragiten du. Elebidunetan, hizkuntza-arazoak ez dira beti gaixoaren hizkuntza guztietan agertzen, eta ageri direnean ere larritasuna ez da beti maila berekoa izaten, beraz ezinbestekoa da pazienteak hitz egiten dituen hizkuntza ezberdinak aztertzea. Euskal Herriko biztanleen %28.4a elebiduna da, baina gutxi dira afasia euskaraz ebaluatzeko tresnak. Ez dakigu egun klinikariek Euskal Herrian zein materialaren oinarrian aztertzen duten afasia euskaraz, eta egoera hau definitzea beharrezkoa da, profesionalen beharrak identifikatzeko eta garatzen ari den CAT testaren euskal estandarizazioak zein funtzio bete lezakeen hobeki jakiteko.
Helburuak: Alde batetik, helburua egun afasiaren maneiua (ebaluazioa eta tratamendua) euskararen eremuan nola egiten den aztertzea izan da: zein tresna erabiltzen diren eta zein hizkuntzatan egiten den. Harreman klinikoan pazientearen hizkuntza-ohiturei erreparatzen zaien ala ez ere jakin nahi izan da. Azkenik, profesionalek ea gaur egun dauden euskal afasiologia arloko ikerketak ezagutzen dituzten aztertu nahi izan da, eta afasia euskaraz aztertzeko test estandarizatu gehiagoren beharra ikusten dutenetz.
Metodologia: Zeharkako azterketa bat burutu da: afasiaren maneiuan diharduten euskararen lurralde osoko arlo ezberdinetako profesionalak galdezkatu ziren 15 galdera anonimoz osaturiko online galdetegi bat erabilita. Elkargo profesionalen laguntzari esker, inkestaren esteka profesionalei helarazi zitzaien eta nahi izan zutenek era boluntarioan bete zuten. Azterketa estatistikoa STATA programa informatikoaren bidez burutu zen eta alderaketak egiteko Pearson-en χ2 estatistikoa erabili zen.
Emaitzak eta eztabaida: Guztira 77 erantzuneko lagina lortu zen. Erantzun zuten gehienak (% 57) logopedak ziren eta % 70ek euskaraz bazekien. Gehiengo handi batek (% 75ek) afasia aztertzeko tresnak erabiltzen zituen, logopedek beste arlo batzuetako profesionalek baino gehiago. Boston testa gehien ezagutzen eta erabiltzen zen testa, lurraldeka ezberdintasunak ikusi baziren ere. Profesionalen gehiengoak pazientearen hizkuntza ohituren eta preferentzien inguruan galdetzen zuen (% 86k eta % 66k hurrenez hurren), eta >% 62k era elebidunean artatzen zituen paziente euskaldunak. Profesional euskal elebidunak gehiago interesatzen ziren pazientearen hizkuntza preferentzien inguruan. Gehienetan (kasuen %90ean) euskarazko ebaluazioa era kualitatibo / informal baten burutzen zen, edo norberak garatutako edo itzulitako testak erabilita. Profesionalen gutxiengo batek (% 23k) baino ez zituen euskal afasiologia arloko lanak ezagutzen eta gehiengoak (% 98.5ek) afasia aztertzeko euskarazko tresna gehiagoren beharra adierazi zuen.
Ondorioak: Paziente afasiadun euskaldunak gehienetan elebitan (euskaraz eta erdaraz) ebaluatuak eta tratatuak izaten dira, batik bat profesionalak berak itzulitako testak erabilita, edota ebaluazio informal baten bidez, inolako tresnarik erabili gabe. Horregatik, profesionalek afasia euskaraz aztertzeko test estandarizatu gehiagoren beharra ikusten dute, eta CAT testa euskarara egokitzea interesgarri izan daitekeela uste da. Gaiaren inguruko ikerketa gehiago behar da, lan honetan emandako ondorioen ebidentzia sendoagoa izateko.