Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 Ebazpenaren aplikazioa Ipar Irlandako bakegintza prozesuan
Abstract
[EU] Bakea eta segurtasuna lortu eta mantentzea dira gizarte orok dituen jomugak, baita Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren oinarrizko eginbeharrak ere. Baina eginkizun horietan nork definitu du segurtasuna? Noren bakea? Argi dago, gizarte demokratiko batean bakeak eta segurtasunak guztionak izan behar dutela, gizon zein emakume, eta hortaz,genero-berdintasuna ezinbesteko baldintza dela inoiz bakea lortuko bada. Ildo horretan, 2000. urtean Segurtasun Kontseiluak aurrerapauso handia egin zuen 1325 Ebazpena onartuta, Ebazpenak lehen aldiz txertatzen baitzuen genero-ikuspegia bakegintza prozesuetan. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 Ebazpenak Ipar Irlandako bake prozesuan izan duen aplikazioa aztertzea da lan honen ildo nagusia, baita Ebazpenaren beraren eta dakartzan ondorioen analisi bat egitea ere. Lan honen helburua Ipar Irlandako bake prozesuaren bidez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1235 Ebazpenaren aplikazio eremua zabaltzeko aukera aztertzea izan da, Ipar Irlandan 1325 Ebazpena aplikatu izanak horretarako bidea eman dezake eta. // Metodologiari dagokionez, lan honetarako, alde batetik, lehen mailako iturriak erabili ditut, besteak beste hainbat dokumentu ofizial, bai Nazio Batuen esparruan sortutako dokumentuak eta txostenak, eta baita Erresuma Batuko eta Irlandako Gobernuen dokumentu ofizialak ere; eta bestetik, bigarren mailako iturriak, hala nola hainbat egileren liburuak eta artikuluak. Azken horiek izan dira erabilienak. Behin iturriak bilduta, horien azterketa bat egin dut eta ikerlan hau aurrera eramateko esanguratsuenak hautatu.Lana egiteko orduan, hasteko, gaia aukeratu genuen bakea genero ikuspegitik lantzeko helburuarekin, eta hortik aurrera gaia zehaztu abagune desberdinak aztertuz. Behin gaia aukeratuta, lanaren aurkibidea egituratu genuen, nahiz eta lana egin ahala aldatuaz joan den. Ondoren, gaiari buruzko informazioa bilatu dut, batik bat Euskal Herriko Unibertsitatearen datu basean, erreferentzia bibliografikoak akademikoak eta ahal zen heinean juridikoak zirela bermatzeko. Azkenik, eta informazio hori aztertu ondoren, jasotako datuen hausnarketa egin dut, lanaren edukia idazteko.