Komunitate piriniotar baten hastapenetan: Zaraitzu haraneko tokiko gizartea XI. mendean
Laburpena
Lan honen helburua XI. mendeko Zaraitzu haraneko gizarte arkitektura aztertzea
izan da. Asmo horrekin Leireko Becerro Antiguo izeneko kartulariora jo dugu. Hain
zuzen, bertako agiriak jasota daude Ángel J. Martín Duquek 1983an egindako Leireko
dokumentazioaren edizioan. Horrez gain, kartularioan bertan bada haranari dagokion
agiri multzo bat, monjeek identifikatutako harreman-sare bat adierazten diguna.
Bertakoak dira, beraz, gure bilduma osatu duten hamar agiriak, funtsean, bi errege
dohaintza salbuetsita1
, XI. mendeko Zaraitzuri dagozkion guztiak.
Abiapuntu gisa, agiri horietako bat hartu dugu, 1072. urtekoa, autore ezberdinek
garaiko gizarte egitura azaltzeko erabili izan dutena. Gure xedea dokumentuan biltzen
den lekuko eta bermeen zerrendak ezkutatzen duen tokiko gizartean sakontzea izan da.
Izan ere, sarritan aipatu izan da haran-mailako antolaketaren harira, iparraldeko herrien
nagusitasuna eta hegoaldekoen bigarren mailako rola. Hala ere, egindako ikerketaren
bidez gai izan gara komunitatearen bihotza osatzen zuen eremua zehazteko. Hortaz,
Eskaroze, Jaurrieta, Orontze eta Espartza dira nabarmendu ditzakegun lau herriak,
agirietako kideen presentzia esparru horretan zehar hedatzen baitzen.
1072ko kideak haraneko pertsonaiarik garrantzitsuenak ziren baieztapenetik
haratago joanda, nagusigo sozialaren osagaiak zeintzuk ziren zehaztu dugu: 1) Leirek
interes-gune gisa identifikatu izana. 2) Monasterioen inguruan antolatzeko joera. 3)
Monasterioek, sarobeek eta gainerako jabetzek osatutako ondarea. 4) Dohaintzen bidez
Leireri lotzeko ohitura. 5) Ordezkaritza lanak eta kanpo eragileekiko loturak, dohaintzen
eta salerosketen bidez sustatuak. 6) Ondorengotzari dagokionez, ondarearen zatiketa
ekiditeko estrategien zantzuak. Berezitasuna da, ordea, agirietako gizabanakoen
gehiengoa, hegoaldean ez bezala, ez zela jaun gisa izendatzen. Era berean, aipagarria
da, tokiko elite horren garrantzia ez zela mugatzen haranaren esparrura, nahiz eta
bitartekari rola bereziki nabarmena izan goi-mendietako baliabideei zegozkien auzietan.
Oro har, egindako ikerketari esker, Zaraitzu haraneko gizarte antolaketaren eta
nagusigo sozialaren erretratu zehatzago bat osatu ahal izan dugu, tokiko jabetzak eta
harremanak islatzen dituena. Bestalde, ikerketa osatzeko, nabarmendutako ezaugarri
nagusiak Nafarroa erdialdeko eta IX. mendeko Bretainiako ereduekin alderatu ditugu.