Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren eragina memoria kolektiboan: iraganaren ikurrak gizarte-paisaian
Date
2022-03-08Author
Abaigar Antoñana, Edurne
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honetan Nafarroako konkistaren 500. urteurrenak memoria kolektiboan izandako
eragina aztertu dut. Xede horrekin, Nafarroako eta EAEko gizarte-paisaian aurki
daitezkeen iraganeko ikurrak (Arrano Beltza, Amaiurko monolitoa, Nafarroako kateak..)
hartu ditut abiapuntutzat. Sinbolo horiek memoriaren eta historiaren arteko zubiak diren
heinean, lan honen ikerketa-objektu gisa finkatu ditut. Horiek aztertzeko lehen urratsa,
inkesta bat gauzatzea izan da, ikur horien irudikapen soziala ezagutzea ahalbidetu
duena.
2012. urtea inflexio-puntu gisa hartu nuen, konkistaren 500. urteurrenaren harira
ospatutako ekimen guztiengatik. Testuinguru horretan, aurretik zetozen esparru
kontrajarriak -navarrismo españolista eta navarrismo vasquista - mantendu ziren arren,
bestelako ekimenek lan handia egin zuten gertakizun historiko hau gizarteratzeko.
Horietako bat Ezker Abertzaletik sortutako 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena izan
zen 2012-2013 urteen bitartean gauzatua, hitzaldiak, ekitaldiak, kontzertuak etab.
antolatu zituena.
Urte horretatik aurrera ikurren areagotze bat antzematen da bi esparru publikoen
bitartez: San Ferminetako txupinazoa eta Sadar estadioa. Horietan Nafarroako
Erresumarekin lotutako ikurrak presentzia hartzen joan dira azken urteetan. Era berean,
gizarte-paisaian, gazteei lotutakoan, batez ere, ikus daitezkeen ikurren azterketa
esanguratsua izan da: musika, tatuajeak, janzkera eta sare sozialak. Arlo horretan,
esanahi historiakoari erreparatuz gero, hainbat kontraesan identifikatu ditut, eta horiei
azalpen bat ematen saiatu naiz.
Egindako azterketaren bidez, memoria kolektiboak zenbait gertakizun historiko (kasu
honetan 1512. urteko konkista) gaur egungo helburu politikoak lortzeko (edo argudiatzeko) gidoian txertatzen dituela ikusi da. Memoria horren eraikuntza prozesuan
hainbat erabaki hartu behar dira: zer oroitu, zer ahaztu eta loriatsua edo lotsagarria
denaren artean erabaki. 2012. urtean Nafarroa Bizirik sortu zen moduan, 2021ean,
Nafarroa Altxa sortu da, Noaingo Batailaren 500. urteurrenaren harira, Nafarroaren eta
Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza aldarrikatzeko. Aurretik aipatutako
kontraesanekin lotuta, zenbait paradoxa aurki daitezke, esaterako, konkistaren garaianNafarroako erreinuaren parte ez ziren lurraldeak (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia) barne hartzea.
Horrez gain, ikurren erabilerak esanahi historikoa nahasteko gaitasuna duela
azpimarratu nahi izan dut, gaur egun ikur bati ematen zaion interpretazioa
kontraesankorra izan daitekeelako, jatorrizkoarekin alderatuz gero. Guzti horrek osatzen
du memoria kolektiboa, eragin ideologiko ukaezina duena. Ordea, nahasketak eta
gaizki-ulertuak sor ditzake diskurtso historikoa alboratzean. Azkenik, hurrengo
belaunaldiei helaraziko zaien historia baldintzatuta egongo den kezka plazaratu da.