Oria ibaiaren behe-ibilguko ur-errotak: ondare ezezaguna
Abstract
Gipuzkoan ia ibai guztien ertzeetan aurki ditzakegu antzinako ur-erroten aztarnak, garai batean zerealak ehotzeaz arduratu zirenak. Lan egiteari utzi ziotenetik, horietako asko hondatu edo eraldatu egin ziren (soilik gutxi batzuk zaharberritu dira), eta gaur egun errotak izan zirenik ere ez da gogoratzen, Oria ibaiaren behe-ibilguan gertatzen den bezala. Izan ere, erroten eta haiek funtzionarazteko sistema hidraulikoen aztarna ugari aurki daitezke paisaian, baina gutxi ezagutzen dira. Hala izanik, lan honen helburua Oria ibaiaren behe-ibilgua osatzen duten hiru udalerrietako (Lasarte-Oria, Usurbil, Orio) antzinako ur-errotak aztertzea da, bere egiturak eta bilakaera historikoa, etorkizunean haiek balioztatzeko lehen urratsa izango delakoan.
Horretarako erabili den metodologia miaketa arkeologikoa izan da nagusiki, errota bakoitza miaketa-fitxa batean jasoz eta hamar elementuko inbentarioa sortuz, baina artxiboetako dokumentazio historikoaren kontsultarekin ere osatu da. Hala, fitxetan jasotako informazioa abiapuntu izanda, datu guztien sintesi bat aurkezten da. Errotak sortzen direnetik lan egiteari uzten dioten arte aztertzen direnez, kronologia luzea hartzen du analisiak (XVI.-XX. mendeak), eta gai ugari jorratzen dira ikuspegi zabala lortzeko: aztarna materialei (azpiegitura hidraulikoak, errotak eta ehotze mekanismoa) atal bat eskaintzen zaie, baina erroten jardueraren bilakaeran, funtzionamenduan eta egunerokotasunean ere jartzen da arreta.
Bestalde, erroten egoeraren inguruan hausnartzen da ondare ikuspegi batetik. Juridikoki babestuta dauden edo ez hartzen da kontuan, eta errota bakoitzari egindako bisita teknikoei esker egungo kontserbazio egoera ebaluatzen da. Hala ere, helburua haiek balioztatzea den heinean, beharrezkoa da ikustea noraino baloratu eta ezagutzen diren egitura horiek, eta horrenbestez, gizartearen memorian errotek betetzen duten tokia ere aztertzen da.