Navarrismoaren jatorriak: XIX. mendearen bigarren erdialdetik euskal nazionalismoaren aurka konfiguratu arte
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Zaldain Arribillaga, Xuban
Metadata
Show full item recordAbstract
Nafarroa historia luzea duen lurralde bat da. IX-X. mendetik XVI. mendearen hasiera arte erreinu propio bezala mantenduko da, epe luze horretan hedapen desberdinak izanez, eta XVI. mendearen hasieratik XIX. mendearen erdialdera arte, erreinu bat izaten jarraituko du, Monarkia Hispanikoaren barruan bada ere. Hori dela eta, erreinu zaharreko erakundeak galtzeak eta erreinu izatetik probintzia izatera pasatzeak, XIX. mendearen bigarren erdialdean, nafar izatearen inguruan ikuspegi desberdinak zabaltzea eragingo du. Horrela, planteamendu erreintegrazionistak dituen karlisten navarrismoa, 1841eko legea defendatuko duen liberalen navarrismoa eta batasuna helburu nagusi izango duen euskaroen mugimendua aurki ditzakegu garai horretan. Gamazada batasun momentu bat izanen da, baina “Nafarroaren iratzartzea”-k ez du asko iraungo eta XX. mende hasieran zatiketa berri bat emanen da, hein handi batean, euskal nazionalismoaren hedapenak eraginda.
XX. mende hasieran nagusi izango den giro euskaltzalea eta gero, 1917-1919 bitartean eraldaketa bat gauzatuko da navarrismoaren baitan, neurri handi batean, Garcilaso eta Victor Praderak gidatuta. Testuinguru sozial gatazkatsu batean mehatxu iraultzaileari aurre egitea lehentasun bat bihurtuko da. Hortaz, planteamendu erreintegrazionistak bigarren mailan utziko dira, momentu horretako lehentasuna eskuinaren eta Espainiaren batasuna bihurtuz, Errusian emandako iraultza moduko bat Espainian eman ez dadin. Euskal nazionalismoa, tartean, bere diskurtso erreakzionario eta integrista baretzen joango da autonomismoarengatik apustu egingo duen bitartean. Beraz, bizkaitarrak eta boltxebikeak bihurtuko dira konfiguratzen joango den navarrismo horren etsai berriak. Amaiurko monolitoaren harira sortuko den 20. hamarkadako eztabaida historiografikoak bi nazionalismoen edo navarrismo-nabarrismoaren arteko tentsioak islatuko ditu, nazionalismo garaikideek jarduera historiografikoan duten eraginaren adibide izango den horretan. Eta II. Errepublikan eta Gerra Zibilean jada, bi indarren arteko behin betiko haustura emango da, gaur egun arte iraun duen binomioa finkatuta geldituz. Nolanahi ere, ikuspuntu nazionalistetatik mantentzen diren perspektiba esentzialistetatik aldenduz, identitate kolektiboen gaia askoz ere konplexuagoa eta aldakorragoa dela frogatzeko garai interesgarri baten aurrean gaude, banaketa hau eman aurretik, XX. mende hasieran, navarrismoaren, euskaltzaletasunaren eta españolismoaren konbinazioa izan baitzen ohikoena.