Anemiari aurre egiteko osasun-hezkuntza programa emakume saharar errefuxiatuengan
Abstract
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, anemia mundu osoko
osasun publikoko arazo larria da, bereziki haur txikiei eta haurdun dauden emakumeei
eragiten diena, heriotza-arrisku handiagoa baitute, bai eta haurtzaroan ere. Munduko
hamar arazo larrienetako bat anemia da eta mikronutrienteen urritasun edo gabeziaren
forma ohikoena da. Lan honetan, saharar emakume errefuxiatuengan anemiari aurre
egiteko osasun-hezkuntza programa aurkezten da.
Helburuak: Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan dagoen Smara kanpamentuko 15-
49 urte bitarteko emakume sahararretan anemiari aurre egiteko Osasun-Hezkuntza
Programa (OHEZP) bat diseinatzea.
Metodologia: osasun-hezkuntza programa hau gauzatzeko gaiaren inguruko
informazioaren bilaketa bibliografikoa burutu da. Lortutako informazioa ebidentzia
zientifikoan oinarrituta egoteko helburuarekin, datu-base elektronikoak, erakunde
desberdinen web-orriak eta osasun-hezkuntza programak diseinatzeko manuala erabili
dira.
Plangintza: programa honen helburu pedagogikoa saharar errefuxiatuen
kanpamentuko 15-49 urte bitarteko emakumeek anemiari aurre egiteko ezagutzak,
jarrerak eta gaitasunak bereganatzea izanik, bost asteko iraupena duen proiektua
diseinatu da. Plangintzan diana-taldearen ezaugarriak eta kaptazioa, helburu
pedagogikoen formulazioa, jardueren programa eta saioen antolakuntza landu dira.
Ebaluazioa: osasun-hezkuntza programa amaitzean hasieratik finkatu diren helburuak
bete direla ziurtatzeko, ebaluazio bat egingo da. Ebaluazioan programaren egitura eta
prozedura eta lortutako emaitzak ebaluatuko dira.
Ekarpen pertsonala: anemia mundu mailan dagoen osasun arazoa da, eta saharar
errefuxiatuen kanpamentuetan asko gailentzen da. Horregatik, hori prebenitzeko
osasun-hezkuntza programa honetan emakume sahararrengan anemiarekiko
kontzientzia landu nahi da. Programa honi esker, emakume sahararrek anemiari aurre
egiteko estrategiak ezagutuko dituzte eta dituzten baliabideak kontuan hartuz horiek
praktikan nola jarri irakatsiko zaie bizimodu osasuntsuagoa izan dezaten.