dc.description.abstract | Osasun-sistemako asistentzia-akatsek, batez ere sendagaiekin erlazionatutakoak, ondorio asistentzial eta ekonomikoak dituzte, gaixoen erikortasun- eta heriotza-kausa garrantzitsua baitira. Sendagaien erabileran gertatzen diren intzidentzia guztiak ez dira medikazio-akatsak kontsideratzen, soilik saihesgarriak direnak. Intzidentzia saihesgarriak prebentzio neurrien bidez ekidin daitezke. Aldiz, saiheztezinak direnak, esaterako sendagaiek eragindako albo-ondorioak, ezin dira prebentzio neurrien bidez kontrolatu.
Zentroen segurtasun-maila ebaluatzeko hainbat tresna daude, adibidez autoebaluazio galdetegiak. Galdetegi mota horiek osasun-profesionalei sendagaiak maneiatzeko prozesuan ahulguneak identifikatzen, eta horiek indartzeko hobekuntza-neurriak ezartzen laguntzen diete. Neurri horiek funtsezkoak dira etengabeko hobekuntzan eta segurtasun-kultura eragikorrean oinarritutako osasun-sistema garatzeko.
Gainera, nabarmendu beharra dago etengabeko hobekuntza prozesu horretan diziplina anitzeko profesionalen parte hartzea ezinbestekoa dela. Sendagaien maneiuan hainbat etapa bereiz daitezke, eta bakoitzean, profesional mota edo profesional talde jakin bat arduratzen da sendagaiak kudeatzeaz. Ondorioz, guzti horiek zeresana izango dute segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurrien inguruan. Horrez gain, kontuan izan behar da, oro har, sendagaien erabilera prozesuko etapa desberdinetan neurriak ezarri behar izaten direla, praktika bakar bat hobetzea ez delako nahikoa izaten zirkuitu osoan segurtasuna bermatzeko.
Segurtasunak duen garrantziaz jabetuta, Barakaldoko San Eloy Ospitaleko Farmazia Zerbitzuak arrisku handiko eremuetan medikamentuen erabilera nolakoa den aztertzea erabaki du, eremu horietan eman baitaitezke pazienteentzat oso larriak izan daitezken medikazio-akatsak. Lehenik, Larrialdietako Zerbitzua ebaluatu zen, horretarako, sendagaien erabilera egokiari buruzko autoebaluazio-galdetegi bat ezarri zen. Zentroko arrisku handiko eremuen ebaluazioarekin jarraitzeko, eremu kirurgikoan medikamentuen maneiua aztertzea izan zen hurrengo helburua, hain zuzen ere lan honetan jorratuko dena (2.eranskina). Horretarako, autoebaluazio-galdetegi bat garatu da. San Eloy Ospitaleko kirurgia eremuko segurtasun-maila ebaluatzeko ez ezik, beste ospital batzutan ere erabili ahal izango zena. | es_ES |