Obesitatearen inpaktua ß-laktamiko antipseudomonikoen portaera farmakozinetiko/farmakodinamikoan paziente kritikoetan. Egokia al da egungo dosifikazioa?
Ikusi/ Ireki
Data
2023-09-06Egilea
Etxeberria Iztueta, Uxue
Laburpena
Antibiotikoekiko erresistentzia gora doan honetan, hilkortasun tasa altua duen paziente kritikoen populazioa aztertu eta hauentzako dosifikazio erregimenik aproposena identifikatzea oso garrantzitsua da, tratamenduaren eraginkortasun optimoena lortzeko eta baita erresistentzien agerpena moteltzeko ere.
Lan honen helburua, Pseudomonas aeruginosa-z infektatu eta meropenem edo piperazilina/tazobaktamekin tratatutako paziente kritikoentzako dosifikazio erregimenik optimoena bilatzea izan da, analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoan (PK/PD) oinarrituta. Horretarako, farmako bakoitzaren analisi farmakozinetikoa egin zen lehenengo. Jarraian, lortutako emaitza farmakozinetikoak helburu farmakodinamikoekin erlazionatu ziren, Montekarlo simulazioaren bidez. Lortutako datuekin, dosifikazio erregimen bakoitzaren eraginkortasuna ebaluatu zen. Horretarako helburu farmakodinamikoa fT>MIC %100 izatea erabaki zen, unitate intentsiboetako pazienteen laginekin lan egin baizen. Ebaluazio irizpide gisa helburua lortzeko probabilitatea (PTA) > %90 izatea ezarri zen.
Azterketa farmakozinetikoan eredu monokonpartimentala izan zen eredu doiena bi antimikrobianoentzako. Farmako bakoitzerako estimatutako parametro farmakozinetikoen batezbestekoak ondorengoak izan ziren: meropenementzat aklaramendurako 12,485 ± 2,644L/h eta banaketa bolumenerako 0,305 ±,0,049L/Kg balioak lortu ziren. Pieprazilina/tazobaktamen kasuan bestalde, aklaramendua 13,689 ±,3,948L/h eta banaketa bolumena 0,207 ± 0,084L/Kg izan ziren. Ez zen paziente bakoitzaren aldagaien (pisua, adina, gorputz-masaren indizea eta giltzurrun funtzioa) eta emaitza farmakozinetikoen arteko korrelaziorik bistaratu, aztertutako lagin kopuru baxuagatik ziurrenik.
Lortutako emaitza PK/PD-etan oinarrituta, sentikortzat hartzen diren Pseudomonas aeruginosa-ren aurkako tratamendu eraginkorra 2g meropenem 8 ordutik behin perfusio luzean administratzea dela ondorioztatu zen. Honela, 1g meropenem 8 ordutiko behin zein 4/0,5 g piperazilina/tazobaktam 6 ordutik behin 4h-ko infusioan paziente kritikoei administratzeak duen infradosifikazio arriskua azaleratu zen. Dena den, emaitza hauek berresteko paziente gehiagoren beharra dagoela uste da.