Zumaiako eta Getariako hizkeren "bitxikeriyak", "bitxikerixak" edota "bitxikeridxak"
View/ Open
Date
2024-05-06Author
Mendizabal Eizagirre, Leire
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Zumaia eta Getaria mugakide diren herriak dira eta hizkera aldetik ezberdintasunak topa badaitezke ere, herri arrantzale hauek zenbait ezaugarritan bat datoz. Azterlan hau, hain zuzen, Urola Kostako bi herri hauetako hizkerek partekatzen dituzten bokalarteko kontsonante epentetikoak aztertzeko saioa izango da, herri batak eta besteak ezaugarri honen aurrean duten jarrera eta dituzten joerak ikertuz.
Leherkari sabaikari ahostundun [ɟ], igurzkari sabaiaurreko ahoskabedun [ʃ] eta igurzkari sabaiaurreko ahostundun [ʒ] bokalarteko kontsonante epentetikoak izango dira aztergai. Igurzkari sabaiaurreko ahostunari [ʒ] arreta berezia eskainiko zaio, inguru hauetan ohiko hotsa ez izateaz gain, denboraren poderioz belaunaldi berriengana transmititzera nekez iritsi den hotsa ere badelako. Lan honen egilea zumaiarra izanik, bertako herritarren zein alboko herriko getariarrengandik hauteman daitekeen [ʒ] hotsaren erabilera puntual eta deigarria izan da ikerketa honi heldu izanaren arrazoi nagusia. Izan ere, Urola Kostako gainontzeko herrietan, eta are gehiago, Gipuzkoan bere osotasunean ere lekukotu ez den hotsa da igurzkari sabaiaurreko ahostunarena [ʒ], erdialdeko euskalkian baino mendebaldekoan ezaugarritzen dena. Gainera, eremu honetako hiztunek bokalarteko kontsonante epentetiko ezberdinekiko darabiltzaten joeren inguruko informazio askorik ez dagoela kontuan hartuta, ikerketa bati ekiteko gai egoki eta interesgarritzat jo da.
Hots epentetiko ezberdin hauen erabileran aldakortasun handia dago herri batetik bestera, bai auzo batetik bestera, eta baita hiztun batetik bestera ere; horregatik, herritarren artean multzokatze ezberdinak egin dira: alde batetik, auzotarrak, eta bestetik, kaletar eta arrantzaleak (Zumaiaren kasuan) edota herriguneko arrantzale eta herriguneko kale-baserritarren artekoa (Getariaren kasuan). Herri banatako hainbat lekukoren datuak bildu eta emaitzak jaso ostean, hiztunek darabilten kontsonante epentetiko ezberdinen erabilera zehaztu ahal izan da, bai eta igurzkari sabaiaurreko ahostunaren [ʒ] nondik norakoak eta jatorriak aztertu, [ʒ] hotsaren eta itsaso eta arrantza-munduaren arteko loturak ezarriz.
Erabilitako datuak ahotsak.eus webguneko lekukotasunetatik jasoak izan dira eta hiztunen jaioturtea ikusiz (1920-1930 urteen bueltan dabiltza gehienak), landuko diren datuak hizkeren egoera zaharrago bat eskainiko dute, honen gisako azterlanengatik ez balitz galduta legokeen altxor bat.