2015ean Donostia Unibertsitate Ospitalean operatutako tiroideko kartzinoma diferentziatuen azterketa: PAAF-a eta pieza kirugikoaren arteko konkordantzia
Ikusi/ Ireki
Data
2019-01-17Egilea
Ugarte Barruetabeña, Miren
Laburpena
[EUS] PAAF teknika tiroideko noduluen diagnostikorako erabiltzen den teknika zehatzena eta kostu-eraginkortasun aldetik eraginkorrena da; hau dela eta, klinikoki esanguratsuak diren tiroideko noduluen diagnostikorako aukerako teknika da. Tiroideko nodulua tiroide guruinean aurki daitekeen ohiko lesioa da. Gaur egun posible da tiroide haztapena edota irudi tekniken erabilerari esker mota honetako lesioak parenkimatik ezberdintzea. Lesio hauek aldaketa erradiologikoak erakusten dituzte parenkima normalarekin alderatuz gero, baina ez du zertan beti horrela izan behar, haztagarriak diren lesio batzuk aldaketa erradiologikoei lotuta ez agertzea ere posible baita. Haztagarriak ez diren noduluak ausaz irudi tekniken bitartez diagnostikatzen direnean “intzidentaloma” bezala izendatzen dira. Intzidentalomen eta haztagarriak diren noduluen gaiztotze arriskua berdina da1. Hainbat ikerketa epidemiologikok adierazi dutenez, iodo ekarpena egokia den inguruneetan bizi diren emakumeen %5-ak eta gizonen %1-ak haztagarriak diren noduluak erakusten ditu; bestalde, ausaz aukeratutako populazio batean ultrasoinu bidezko azterketa bat eginez gero, populazio horren % 19-% 68-an ikusten dira tiroideko noduluak, kasu honetan ere intzidentzia handiagoa da emakumeetan gizonetan baino.