Konplementatzaile-Sintagma nahasiak euskara-gaztelania kode-alternantzian
Laburpena
Lan honen helburua euskara-gaztelania kode-alternantziako (KA) konplementatzaile-sintagma (KONPS) nahasiak deskribatzen saiatzea da. Horretarako, orain arte egindako lanak jaso eta fenomeno hori berariaz aztertzeko ikerketa-proposamen bat egiten da. KA hiztun elebidun batzuek erabiltzen duten hizkuntza-baliabide bat da eta elkarrizketa berean bi hizkuntza batera erabiltzean datza. Fenomeno honen erregulartasunek hizkuntzaren prozesamenduari buruzko informazio baliagarria eskain dezakete (Beatty-Martínez, Valdés-Kroff & Dussias 2018).
KAren barruan, KONPS nahasiez hitz egingo da, horren barruan konplementatzaile morfemaren bikoizketak duen joera ulertu ahal izateko. Morfema-bikoizketa deritzo KAdun esaldi batean funtzio bera betetzen duen morfema bat baino gehiago egoteari. KAri buruzko lanak ugariak badira ere, mota honetakoak bazterrean uzteko joera egon da oraintsu arte. Gainera, oso interesgarriak dira bikoizketa hauek elebidunengan baino ez baitira aurkitu (Hicks 2010, Chan 2015), beraz, hiztun elebidunaren gogoan hizkuntzek duten harremanari buruzko infomazioa ematen dute. Gutxi dokumentatu izanak ez du kentzen hauek erakusten duten erregulartasuna, KAri buruzko teoria eta murriztapenak zalantzan jarriz.
Teoria eta murriztapen horiek aintzat hartuz, KONPS nahasietan KONP bikoizketarik gabeak hobestea aurreikusten da (Myers-Scotton 1993, MacSwan 2000, etab.), baina ez da hori Vergarak (2018) ateratzen duen ondorioa. Gainera, proposatutako murriztapenek aurreikusten dute KONPS nahasietan morfemei dagokien hizkuntzako hitz hurrenkera errespetatzea (Myers-Scotton 1993, Chan 2008). Hala, lan honetan KAren inguruko eta bereziki morfema-bikoizketaren inguruan literaturan egindako lanak berrikusi ondoren, KONPS nahasiak aztertzeko ikerketa-proposamen bat aurkezten da. Proposatu den ikerketa-egitasmoak gogo elebiduna ulertzeko ebidentzia berria eskainiko du.