Euskarara itzuli diren alemanezko literatur lanen analisia
Laburpena
Gradu Amaierako Lanerako euskarara itzuli diren alemanezko literatur lanen analisia
egin dugu, ikusi genuelako orain arte lan eta ikerketa gutxi burutu direla alemana-euskara
hizkuntza konbinazioari dagokionez, eta interesgarria iruditu zitzaigulako arlo horretan
gure ekarpena egitea, azaletik bada ere; izan ere, lanaren ezaugarriak direla eta, ezin
izango dugu asko sakondu. Horretarako, alemanez sortu eta euskarara itzuli diren literatur
lanen ahalik eta katalogo/corpus osatuena egin dugu, eta, jarraian, itzulitako lan horiek
irizpide ezberdinen arabera sailkatu eta aztertu ditugu: garaia, literatur generoak,
autoreak, itzultzaileak eta argitaletxeak. Sortu dugun katalogo hori lanaren amaieran dago
atxikita (ikus I. Eranskina). Bertan, ez ditugu bildu euskarazko egunkari eta aldizkarietan
argitaratutako ipuin, poema edo saiakera solteak; horiek beste baterako utziko ditugu.
Jakin badakigu datu-baseak eta katalogoak etengabe ari direla eguneratzen, eta hori
da gure lanaren bitartez egin nahi izan dugun ekarpena: alemaneko lanei trataera berezia
eskaintzea eta sakonago aztertzea, eta, horrekin batera, katalogoa eguneratzea.
Beraz, hau da lan honen orrietan aurkituko duguna: historian zehar euskarara itzuli
diren alemanezko literatur lanen katalogoa/corpusa, eta horien azterketa. Katalogoan,
1868an lehen itzulpena argitaratu zenetik gaur egunera arte alemanetik euskarara
zuzenean nahiz zeharka, hau da, zubi-hizkuntza baten bidez, itzuli diren liburuak jaso
ditugu. Jatorrizko alemanezko zenbat liburu euskaratu eta argitaratu dira? Zein literatur
genero islatzen dute itzulpen horiek? Nork itzuli ditu? Alemanez idatzi duten zein egile
itzuli dira? Zein garaitan eta non argitaratu dira? Galdera horien erantzunak ezagutuko
ditugu esku artean dugun lan honetan, eta, aldi berean, argitalpenek izandako bilakaera
ikusiko dugu, azken hamarkadetako itzulpenei dagokienez, batik bat. Horretaz gain,
euskal literaturaren eta itzulpengintzaren historia ere ezagutu eta aztertuko dugu. Analisi
hori egiterako orduan, betiere, oso presente izango dugu atal teorikoa, baita euskararen
eta alemanaren kultur testuinguruak ere; izan ere, lortutako emaitzak eta datuak
interpretatzen eta ulertzen lagunduko digute.