Obra beraren itzulpenak denboran zehar: Asterixen komikiak euskaraz
Fecha
2022-03-08Autor
Ulacia Arruebarrena, Elene
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Gradu amaierako lan honetan Les aventures d’Astérix komiki bilduma ezaguneko albumetako baten euskarazko hiru itzulpen aztertuko ditugu, horietako bakoitzaren itzultzaileak hartutako erabakiak –itzulpen estrategiak eta teknikak– zein izan diren jakin eta ulertzeko, baita itzulpen bakoitza argitaratu zen testuinguru soziolinguistikoarekiko harremana antzemateko ere.
René Goscinny eta Albert Uderzoren Asterixen komiki bilduma haur eta gazte literaturaren obra ia kanonikoa bilakatu da honezkero, eta horrek aukera ematen digu ikuspegi traduktologikoa eta historikoa uztartzeko. Aipatutako azkenak berebiziko garrantzia du euskarazko itzulpenen kasuan, argitaratutako bertsio bakoitza euskararen normalizazioaren une jakin batekin loturik baitago, eta itzulpen oro bere garaiaren fruitua ere baden neurrian, hizkuntzaren normalizazio prozesuaren aztarnak aurkituko ditugu azterturiko bertsioetan.
Lana hiru atal nagusitan dago banatuta. Lehendabizikoan, jorratuko dugun materiala aurkezten dugu: Asterixen abenturen bilduma. Jatorrizko obrari buruzko argibide nagusiak emateaz gain, euskarazko itzulpenak beren testuinguru soziolinguistikoan kokatu ditugu, funtsezkoa baita erreferentzia hori egin nahi dugun azterketarako.
Bigarren atalak osatzen du lanaren benetako mamia, hiru euskal itzulpenen erkaketa egiten baitugu bertan. Lehenik eta behin, azterketa egiteko erabiliko ditugun irizpideei nolabaiteko marko teorikoa ematen dion azalpena aurkeztu dugu, eta, horren harira, aztertuko ditugun hiru arlo zehatzak –pertsonaien izenak, onomatopeiak eta erreferente kulturalak– aukeratu izanaren egokitasuna argudiatu.
Pertsonaien izenen atalari dagokionez, interesgarria iruditu zaigu gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak ere kontuan hartzea, hizkuntza guztietan estrategia eta teknika berberak erabiltzen ote diren egiaztatzeko asmoz. Onomatopeien kasuan, gaztelaniazko bertsioa erabili dugu euskarazkoekin batera, euskal hiztunen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta eragina izan zezakeelakoan. Eta erreferente kulturalei dagokienez, azkenik, euskarazko bertsioak baino ez ditugu kontuan hartu, itzultzaile guztien estrategia nagusia etxekotzea baita kasu horretan, eta, beraz, euskal itzultzaileen proposamenen arteko aldeak aztertu nahi izan ditugu.
Hirugarren atala ondorio orokorrei eskaini diegu. Erkaketa zehatzari dagozkion ondorioak atal bakoitzaren amaieran jarri ditugu, kasu bakoitzean zer berezi bati erreparatu baitiogu, baina beharrezkoa iruditu zaigu ondorio orokor batzuk azpimarratzea, aztertutako itzulpenetan nagusi diren joerak antzemateko eta lan honen hasieran genituen hipotesiak baieztatu diren edo ez egiaztatzeko.