1 motako diabetesa duten nerabeei zuzendutako osasun heziketa, gaixotasunaren aurrean beren burua ahalduntzea lortzeko.
Ikusi/ Ireki
Data
2022-07-22Egilea
Sarrionandia Linaza, Maddi
Laburpena
SARRERA: 1 motako diabetes mellitusa (IDM) haurren osasun-arazo kroniko ohikoena da eta gaixotasun endokrinologiko kroniko ohikoena adin pediatrikoan. Gorputzaren erreakzio autoimmunologiko batek sortzen du eta pankreako intsulinaren produkzioan du eragina odoleko azukre mailak ezegonkortuz. Tratamenduak, bizi osorako auto-zainketa bat eskatzen du, intsulinaren kanpo administrazio, elikadura osasuntsu eta ariketa-fisikoaren arteko oreka egokian oinarrituko dena. IDMa duten gazteek nerabezarora heltzean hainbat disfuntzio biologiko izateko arrisku gehiago dute, gaitz psikologikoak garatzeko arriskua areagotuko zaie eta honek zailtasun sozialak izateko arriskua ere handituko die. Horregatik sortzen da proiektu hau, IDMa duen gaztearen osasun fisiko, psikologiko eta sozialari begira, bere gaixotasunarekin izan dituen bizipenez hausnartu eta jarrera positiboak indartzeko.
HELBURUA: IDMa duten 12-16 adin tarteko gazte gipuzkoarrek gaixotasunaren aurrean beraien burua ahalduntzea.
METODOLOGIA: Proiektu honen justifikazioa garatzeko eta helburu pedagogiko nahiz edukiak identifikatzeko, bilaketa bibliografiko sistematizatua burutu da, datu base ezberdinetan. Honetaz gain zenbait web-orri, eskuliburu, aldizkari eta liburu erabili dira.
PLANGINTZA: IDMa duten gazteak gaixotasunaren gainean ahalduntzea lortzeko, beraien ezagutzak jarrerak eta gaitasunak lantzea da proiektuaren helburua. Horretarako bost saiotan banatutako osasun programa bat antolatuko da, eta saio bakoitzean gai-arlo nagusi bat landuko da jarduera ezberdinak eginez, proposatutako helburu zehatzak betetzeko. Osasun-agente ezberdinek hartuko dute parte saioetan eta gazteek helburuak lortu dituzten jakiteko, ebaluazio tresnak sortuko dira.
EKARPEN PERTSONALA: IDM aren ondorioz asaldura psikologikoen prebentzioa egitea da lan honen ekarpen nagusiena. Gaur egun egiten den artatzea, behin asaldura sortzen denera mugatzen baita. Egungo osasun arreta publikoan, ez da IDMa duen gaztea alderdi holistiko batetik begiratzen. Gazteari gaixotasun honek ematen dizkion arazo biologiko, psikologiko eta sozialak landuz. Horretan indarra jarriko balitz, IDMak dakartzan konplikazioen intzidentzia jaitsiko litzateke honek dakarren osasun publikoko gastu ekonomikoa aurreztuz eta antsietate, depresio eta suizidio tasak murriztuko lirateke gaixotasun hau pairatzen duten gazteen artean.
HITZ GAKOAK: 1 motako diabetes mellitusa, nerabeak, inpaktu biopsikosoziala, bizi estiloa.