Entrenamenduaren efektuak futbolari gazteen akzio soziomotorrean
Fecha
2024-07-27Autor
Gonzalez Artetxe, Asier
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Futbola baloi batez jokatzen den duelu kolektiboa da eta kideek eta, batez ere, arerioek eragindako ziurgabetasunarengatik bereizten da. Duelu kolektibo oro harremanen, elkarrekintzen, jokoa da. Akzioa soziomotorra da. Entrenamendu-jardueren diseinua futbolaren barne-logikaren ezaugarri bereizleak manipulatzean datza, jokalarien egitean eragin ditzakeen ondorio praxikoak aintzat hartuz. Futbolarien adierazpen motor behagarriak, hots, euren portaera, erregistratzea entrenamenduaren efektuak ebaluatzeko azterbidea izan daiteke. Doktore tesi honen asmoa hau izan da: libre entrenatzeak eta agindu taktikoen baldintzapean entrenatzeak futbolari gazteen akzio soziomotorrean zein efektu izan dezakeen ebaluatzea, analisi-mailaren arabera: taldea, taldearen lerroak eta norbanakoa (batez beste eta banan-banan). Ikerketan harrobi bereko 14 eta 16 urtetik beherako 32 gizonezko futbolarik parte hartu zuten, talde bitan banatuta: libreak eta baldintzatuak. Kategoria bakoitzeko talde biak aurrez aurre aritu ziren, zortzi zortziren aurkako hiru partidatan, esku-hartzeak iraun zuen ordubeteko lau saiootan. Jokalari libreek aske eta inolako murrizketa barik jokatu zuten; baldintzatuek, ostera, agindu taktikoak jaso zituzten. Portaera kolektibo eta indibidualaren joera zentraleko eta entropia neurriak, erregulartasunaren adierazle direnak, libre eta baldintzatutako taldeen arteko partidan ebaluatu ziren, esku-hartzearen aurretik eta ostean, posizionamendu lokaleko sistemarekin. Entrenamenduetan agindu taktikoak ezartzeak portaeraren erregulartasuna bultza dezake, batez ere talde mailan. Joko librearen, agindu taktikoen edo bestelako esku-hartze estrategien aldeko postura egitea entrenatzaile bakoitzari dagokio. Aukeratzen lagun diezaioke, futbolaren barne-logika manipulatuta, harrobiko jokalarien egitean zein efektu lor dezakeen ezagutzeak bai talde, bai azpitalde, bai banakako mailetan.