Bentzodiazepinen erabilera loezinaren tratamenduan: menpekotasuna eta alternatibak
Fecha
2024-10-17Autor
Arrieta Noya, Teresa
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Loezina oso ohikoa den eta garrantzia handia duen gaitza da, izan ere, atseden egokia izatea
ezinbestekoa da osasuna mantentzeko. Loezin mota desberdinak daude, eta horren arabera
diagnostiko eta tratamendu desberdinak egongo dira.
Loezina tratatzeko terapia ez farmakologikoa edo terapia kognitibo-konduktuala lehenetsiko
da, baina gaur egun ohikoago da hipnotikoen erabilera. Hipnotikoen helburua loa azkar
induzitzea eta gauean zehar mantentzea izango da, efektu desiragaitzik eragin gabe. Gaur
egun, bentzodiazepinak dira lehen lerroko tratamendu farmakologikoa loezinean, Nerbio
Sistema Zentraleko GABA hartzaileetan duten eraginari esker, eta baita duten ekintza azkar
eta luzeari esker.
Baina, hainbat eragin desiragaitz dituzte, hauen artean menpekotasun eta tolerantziak
garrantzia berezia izango dute. Menpekotasuna eta tolerantzia mekanismo desberdinen
ondorioz garatuko dira, eta hainbat faktorek parte hartuko dute hauen agerpenean, adibidez,
farmakoaren ekintza mekanismoak, farmakozinetikak eta pazientearen ezaugarriak. Era
berean, beste eragin desiragaitz batzuk ere izango dituzte, hala nola, asaldura kognitiboak,
erorketa arriskua, loaren arkitekturan aldaketak eta beste farmako batzuekin elkarrekintzak.
Eragin desiragaitz hauen arriskua handiagoa izango da adineko pertsonetan.
Ondorio gisa, bentzodiazepinak farmako oso erabilgarriak dira loezinean, baina haien
erabileraren berrikuspen bat egitea beharrezkoa da, izan ere, azken urteetan erabilera igo
egin da, eta gainera tratamendua gomendatutakoa baino gehiago luzatzen da. Beraz,
bentzodiazepinak preskribatu aurretik beharrezkoa izango da diagnostiko egokia, eta
tratamendu ez farmakologikoa ezartzea. Horretaz gain, dauden beste alternatibak hartu behar
dira kontuan, kasuaren arabera bentzodiazepinen ordez eman ahalko direlako, nahiz eta
eraginkortasun gutxiago izan. Gainera, hipnotiko berriei buruz ikertzen jarraitu behar da,
adibidez DORA (Dual Orexin Receptor Antagonists) farmakoei buruz, hauek etorkizunean
bentzodiazepinen alternatiba nagusia izan dezaketela erakutsi dutelako.