Dy3+ ioian eta Mannich base batean oinarritutako SMM berrien bila
Laburpena
[EU] Lan honen helburua iman molekular (SMM, Single-Molecule Magnet) portaera erakutsi dezaketen koordinazio-konposatu berrien sintesi eta karakterizazioa da; horretarako, 1,4,8,11-tetraaza-1,4,8,11-tetrakis(2-hidroxi-3-metoxi-5-metilbentzil)ziklotetradekano (H4L) Mannich basea den ligando konpartimentala erabili da. Ligando hau oso egokia denez 3d eta 4f trantsizio metalekin lan egiteko, Cd2+-Dy3+-Cd2+ egitura dueneko iman molekularra da aurkitu nahi den konposatua; kasu honetan, Dy3+ izanik propietate magnetikoak emango lituzkeen zentro metalikoa.
Horretarako, lan honek [Cd(µ-H2L)Dy(NO3)3]·2EtOH konplexu dinuklearra du oinarri bezala. Konplexu honen egitura, monokristalen X izpien difrakzioaren bitartez lortzeaz gain, lagin polikristalinoaren X izpien difrakzioaren eta infragorri espektroskopiaren bidez berretsi da; horrez gain, konplexu honen propietate magnetikoak aztertu dira, non Ueff = 28 K-eko barrera termikoa lortu den Arrhenius-en ekuazioaren doikuntzatik kalkulatutakoa. Honetan oinarrituz, Cd2+-Dy3+-Cd2+ konposatua lortzeko ahaleginak egin dira propietate magnetikoak lortu nahian.
Bide horretan, [Cd2(H2L)X2]·nEtOH formula orokorra duten hiru konposatu berrien sintesi eta egituraren karakterizazioak burutu dira, non X = Cl-, Br- edota I- den eta n = 1,5 edota x (ezezaguna) den. Cd2+-Dy3+ egitura dueneko konposatuarekin bezala, hiru konposatu berri hauekin ere monokristalen X izpien difrakzioa burutu da konplexuen egitura molekularra ezagutzeko. Hiru konposatu hauen artean dagoen desberdintasun nabariena Cd-X loturan dago, non lotura-distantzia koordinatutako haluroaren arabera aldatzen den; halogenoaren tamaina handitu ahala, lotura distantzia ere handituz doa.