Hiri-arkeologia Euskal Autonomia Erkidegoan. Lekeitio hiribilduaren aztergai kasua.
Laburpena
“Hiri Arkeologia Euskal Autonomia Erkidegoan. Lekeitio hiribilduaren aztergai
kasua” izenburutzat duen idazki hau bi bloke handitan banatzen da. Lehenengoak, Hiri
Arkeologiaren inguruan jarduten du, eta marko geografiko zehatz batean atxikitzen da:
Euskal Autonomia Erkidegoa. Bertan ikusten diren karakteristika ezberdinak, bigarrenik,
hiribildu batera eramaten dira. Lekeitio izan da aztergai kasua, eta atal horretan txertatu
dira Hiri Arkeologiaren ezaugarri ezberdinak.
Idazkiari sarrera bat egin ostean, erabilitako metodologia eta lortu nahi diren
helburuak finkatzen dira, idazkiaren garapenean ezinbestekoak izango direlako. Argibide
hauekin, lehen atal handiarekin jarraitzen du lanak, Hiri Arkeologiaren aferarekin hasiz.
Hasiera bateko definizio bat ematerako orduan, argi geratzen da ez dela zeregin erraza,
eta horren ordez, aurkezten dituen ezaugarrien azalpenera jotzen da. Ezaugarri horiek
azken hamarkadetan burututako jardueraren ondorio diren heinean, Europa eta Espainiar
Estatuan izandako bilakaera analizatu da. Bertan, II. Mundu Gerraren ondorengo
Ingalaterrako hirien berreraiketek diziplinaren hasierako uneak suposatu zutela ikusten
da, eta XX. mendean bigarren erdialdean izandako garapena azaltzen da; bukatzeko, egun
krisialdi garai batean aurkitzen dela azpimarratuz, honen faktore ezberdinak komentatzen
dira. Honekin, jorratu nahi izan den Euskal Autonomia Erkidegoaren marko geografikoa
hobe ulertu da, testuinguruan jarri den heinean. Esparru hau jorratzerako orduan, beraz,
bertako Hiri Arkeologia balioan ipini da, eta azken hamarkadetako jardueraren sintesi bat
burutu da.
Bloke hau amaituta, aipatu diren ezaugarriak aztergai kasu batean nola aplikatzen
diren ikusi nahi izan da bigarren atal handian. Bertan, Lekeitioko Hiri Arkeologia
jardueraren analisi bat egin da, hiribilduak aurkezten duen interes arkeologikoa azalean
utziz. Analisi horren helburu nagusia azken hamarkadetako Arkeologiak izandako
ekarpenak baloratzea izanik, alde batetik, 1990eko hamarkadatik aitzina burututako
jarduera guztia ikusi da, proiektu eta interbentzio garrantzitsuenak atxikiz. Horretarako,
dokumentazio lan bat egitea ezinbestekoa izan da, hiribilduan bertan egindako
interbentzio arkeologiko guztiak kontabilizatu direlarik, bestelako baliabide grafikoak ere
lagungarri izan diren bitartean.
Hau oinarri izanik, hurrengo azpiatalean hiribilduak izandako hirigintzaren
garapena azaldu da, garai historiko ezberdinen arabera; bertan, gakoak diren afera
batzuetan gehiago sakondu da, eta baliabide kartografikoak lagungarri izan dira. Horrela,
argi uzten da erromatar finkamenduak hartzen duen garrantzia, eta berau mugatzeko egin
diren saiakerak. Gainera, hiribilduaren fundazioaren unean ere ikusmira jarri da, eta
lehendik Lekeition aurkitzen zen herrixkaren garrantzia azpimarratu da. Bertan, Erdi
Aroaren bukaeran altxatzen diren harresi ezberdinek toki berezi bat izango dute, ikusiz
hiribilduan ikertzeko elementu guztiz interesgarriak direla. Horrez gain, burututako
interbentzioetan izandako aurkikuntza garrantzitsuenak ere kontuan izan dira, testuan
zehar atxiki direlarik. Honekin, beraz, hasiera batean planteatzen zen xede hori lortu da,
jarduerak izandako ekarpenen balorazioarekin amaituz.
Lanarekin bukatzeko, ondare arkeologikoaren hedapenak hartzen duen
garrantziaren inguruan jardun da, beste behin, Lekeitioko kasuaren barruan. Horregatik,
ekimen ezberdinak aipatu dira, dibulgazio horren balioa argi utziz. Gainera, lan guztiaren
zehar esandakoa borobiltze aldera, azken ondorio batzuk bota dira, Hiri Arkeologia
orokorrari eta aukeratutako aztergai kasuari buruzkoak; horrez gain, etorkizunerako
proposamen batzuekin zarratu da idazkia.