Mikrofonoak: soinu sorkuntzarako eta era binauralean erregistratzeko teknologia eta prozesuak
Abstract
EHUko Arte eta Teknologiako koadernoen edizio honetan, soinuzko
edukia sortzeko berariazko tresna baten alderdi teknologikoak eta
sormenari dagozkionak landuko ditugu.
Hautematen dugun soinu-bibrazioa anplifikatzeko eta erregistratzeko
sentsore gisa erabiltzen den mikrofonoa «transduktore analogiko» bat
da; alegia, soinu-uhinak seinale elektriko baliokide edo proportzional
bihurtzen ditu, eta seinale hori hautematen dugun soinu-sentsazioaren
antzekoa eta analogoa da. XX. eta XXI. mendeetan izan duen garapen
teknologikoak era askotako jokabide, sentikortasun, konbinazio eta
berariazko aplikazioen aukera izugarri zabala eskaintzen digu; horiek
guztiak azalduko ditugu, eta praktika jakin batzuetan erabiliko ditugu,
soinuzko arteen berezko esperientziak izateko (ukipen-mikrofonoak
edo piezoelektrikoak eta mikrofono binauralak).
Ikus-entzunezko teknologiaren sozializazioa, aniztasuna eta eskaintzen
dituen aukera teknologiko guztiak direla eta, zenbait baliabidek
badute orain erabilera espezifikoa eta plastikotasun nahikoa arte
garaikidean erabili ahal izateko. Mikrofonoa tresna nagusietako bat da
aukera ematen diguna soinua behatu, sentitu eta sortzeko material eta
baliabide gisa erabiltzeko.
Entzumen binaurala inguratzen gaituen espazioari behatzeko era bat
da, eta, haren bidez, sakontasuna antzeman daiteke eta soinu-iturrien
jatorria bereizi. Soinu-espazialtasuna lantzeko, erreferentzia bat da.
Metodo propio baten bidez eta soinua era binauralean erregistratzeko
mikrofono-buru bat eraikiz esperimentatuko dugu hori.
Ukipen-mikrofonoek edo piezoelektrikoek material ez-gaseosoetan
sortzen diren bibrazioak anplifikatzen (erregistratzen) dituzte.
Mikrofono gehien-gehienek aireko bibrazioak jasotzen dituzte;
piezoelektrikoek, aldiz, solidoetan transmititutako uhinak esploratzen
dituzte, baita likidoetan transmititutakoak ere (hidrofonoak). Barruko
soinuzko mundu hori, ezkutukoa eta hautemanezina izan ohi dena,
analogikoki handitzen da oso teknologia elektroakustiko sinple eta
merkeen bidez; monografia honetan, esperientzia praktiko gisa
eskainiko dugu hori ere.