Gipuzkoako pertsona antikoagulatuen elkarteko erabiltzaileei zuzenduriko proiektu didaktiko eta berritzailea
Laburpena
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gaixotasun kardiobaskularrak mundu-mailako heriotza-arrazoi nagusiaren erantzule dira. Asaldura hauen ondorioz, odol-zirkulazioa oztopatu daiteke eta osasuna arrisku larrian jarri. Gaixotasun kardiobaskularren tratamendurako erabiltzen den prebentziozko neurri terapeutikoa Ahoko Tratamendu Antikoagulatzailea (ATA) da. Tratamendua kronikoki hartu behar duten pazienteen kopuruak nabarmenki egin du gora. Egun, 1.000.000 pertsona inguru bizi dira antikoagulaturik Espainian. Estatuan, ATArekiko, lehen mailako arretak edota hematologiako zerbitzuak burutzen duen kontrolaz gain, tratamenduaren autokontrola ahalbidetzen duten hainbat elkarte daude. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) autokontrolaren jarraipenerako informazioa igortzen duen elkarte bakarra Gipuzkoan dago, Asociación Gipuzkoana de Personas Anticoaguladas (AGIAC) deitua.
Helburua: AGIAC elkartearekin elkarlanean, proiektu berritzaile eta praktiko batean parte hartzea.
Jarduerak eta emaitzak: proiektua burutu ahal izateko ekintza desberdinak gauzatu dira. Lehenik, formakuntza fasean, informazioa eskuratzeko zein gaitegian barneratzeko hainbat bilera egin dira. Ondoren, bideoaren eraketa aurrera eramateko, informazioaren zehaztapenak burutu eta formatuaren nondik norakoak erabaki dira. Azkenik, proiektua ezagutzera eman eta lanaren emaitzak eta ondorioak jaso dira.
Gogoeta: Gradu Amaierako Lana (GrAL) burutzeko horrelako proiektu batean parte hartzea oso esperientzia positiboa izan da. Elkartean barneratu, lan-dinamika ezagutu, gaiaren inguruko formakuntza jaso eta osasun hezitzaile bilakatzea aberasgarria izan da nire erizain bilakaeran. Autokontrolari esker, erabiltzailea arduratsuagoa bihurtzen da eta ahalduntze handiagoa lortzen du bere osasunaren kudeaketan. Pertsonen osasun-arreta egokia bermatu eta bizi-kalitatea hobetzeko jardunak beharrezkoak dira.