Crohn-en gaixotasuna igorpen fasean duten helduen maneiu dietetikoa: berrikusketa bibliografikoa
View/ Open
Date
2021-10-15Author
Amunarriz Larrañaga, Miriam
Metadata
Show full item recordAbstract
Marko teorikoa eta justifikazioa: Crohn-en gaixotasuna traktu gastrointestinaleko edozein zatiko mukosaren hantura kroniko eta birsortzailea eragin dezakeen hesteetako hanturazko gaixotasuna da. Sintoma nagusien artean pisua galera, sabeleko mina, distentsio abdominala eta beherakoa aurkitzen dira, hauek eguneroko jardueran eta hortaz, gizabanakoen bizi-kalitatean eragin kaltegarria dutelarik. Etiologia ezezaguna izan arren, aipatu beharra dago zenbait ikerketa-ildok, dietak gaixotasunaren agerraldian duen eragina adierazi dutela. Ondorioz, gaixotasunaren izaera kronikoa eta intzidentzia handituz doala ikusita, garrantzitsua izango da erizainen ikuspegirik gaixotasunaren igorpen-fasearen maneiu dietetiko egoki bat egiten jakitea, paziente hauen eguneroko zainketaz arduratzen den profesionala baita, alor anitzeko arreta eskainiz.
Helburua: Esku-hartze dietetiko ezberdinen eraginkortasuna aztertu Crohn-en gaixotasunaren igorpen fasean dauden paziente helduengan, igorpen egoera mantendu, gaixotasunaren jarduera-maila murriztu, hesteetako mukosaren hantura eta sintomatologia arindu eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Metodologia: 2010-2021 urte bitartean argitaratutako ikerketak erabili dira literaturaren berrikusketa bibliografikoa burutzeko. Honetarako hurrengo datu baseetan burutu dira bilaketak: Medline (Ovid), Embase, Cochrane eta Cinahl. Horrez gain, eskuzko bilaketak burutu dira “Enfermería clínica” eta “Journal of gastrointestinal nursing” aldizkarietan eta RNAO eta NICE praktika klinikorako gidetan.
Emaitzak eta eztabaida: Lortutako 15 artikuluen bidez FODMAP baxuko dieta, baztertze-dietak (IgG4k gidatutako baztertze-dieta, karbohidrato espezifikoen dieta, haragi gorri eta prozesatuen baztertze-dieta), dieta antiinflamatorioa, dieta mediterraneoa, zuntza eta N-3 gantz poli asegabearen inguruko esku-hartze dietetikoak aztertu dira. Crohn-en gaixotasunaren igorpen egoerari eusteko N-3 gantz-azido poli asegabearen erabileran oinarritutako esku-hartze dietetikoa mesedegarria dela esan daitekeen arren, gainontzeko esku-hartze dietetikoak ikertu dituzten azterlanen iraupen laburrek, igorpenari eusteko duten eraginkortasuna aztertzea ekidin dute. Dena den, aztertutako esku-hartze dietetikoak gaixotasunaren jarduera-maila edo sintomatologiaren maneiuan lagungarriak gauzatu daitezkeela ikusi da, aurreko hauen eta bizi-kalitatearen hobekuntzaren arteko korrelazioaz jabetuz.
Ondorioak: Eskuratutako ebidentzia mugatua izan arren, aztertutako esku-hartze dietetikoek Crohn-en gaixotasunaren igorpenaren tratamendurako eraginkortasun terapeutikoa dutela erakutsi dute. Hala ere, ikerketa gehiagoren beharra dago, lagin handiagoetan esku-hartze dietetiko ezberdinen epe-luzerako eraginkortasuna aztertuz, bai eta, erizainek gaixotasun honen aholkularitza dietetikoaren arloan burutzen duten esku-hartzeari beharrezkoa den ikusgarritasuna emanez.