Gorputza mugitu eta sarkopenia prebenitu! Adindunetan sarkopenia prebenitzeko ariketa fisikoak duen eraginkortasuna.
Fecha
2021-10-15Autor
Soto Arakama, Uxue
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Esparru kontzeptuala eta justifikazioa: Sarkopenia adinarekin gertatzen den gihar-masaren eta indarraren pixkanakako galera orokorraren sindromea da. Haren prebalentzia faktore ezberdinen ondorioz aldatzen den arren, adindunen artean ehuneko handia hartzen du eta urteekin intzidentzia igoko dela igartzen da. Gainera, alderdi fisiko, psikologiko eta sozialean hainbat ondorio kaltegarri izateaz gain, bizi kalitatearen galera ere eragiten du eta erikortasuna, hilkortasuna zein osasun gastua areagotzen ditu. Hortaz, adinekoek zahartze aktibo eta osasuntsua izateko, nahitaezkoa da sindromearen prebentzioa lantzea, eta horretarako, erizainak ariketa fisikoa sustatu dezake.
Helburu orokorra: Pertsona adindunetan sarkopenia prebenitzeko ariketa fisikoak duen eraginkortasuna aztertzea.
Metodologia: Helburuari erantzuteko, hurrengo datu-baseak kontsultatu dira: Medline-Ovid zein PubMed, Cinahl, Lilacs, Cuiden, Cochrane eta Embase. Gainera, eskuzko bilaketak ere burutu dira ebidentzia zientifikoan oinarritutako aldizkari hauetan: Revista Española de Geriatría y Gerontología, Geriatric Nursing eta Gerokomos. Halaber, RNAO, NICE eta OSTEBA praktika klinikoko gidak ere kontsultatu dira. Bilatutako artikuluak 2010-2020 urteen artekoak dira eta ingelesez idatzita daude. Horrela, errebisio honen helburuari erantzuten dioten 15 emaitza lortu dira: 14 ausazko entsegu kliniko eta errebisio sistematiko 1.
Emaitzak eta eztabaida: Sarkopeniaren prebentzioan ariketa fisiko mota ezberdinek duten eraginkortasuna aztertu da eta horien artean, erresistentziako entrenamenduak aurkeztu du efikazia mailarik altuena sindromearen hiru indikatzaileak areagotzeko orduan, hots, gihar-masa, gihar-indarra eta errendimendu fisikoa. Dena dela, analizatutako ikerketek hobekuntza metodologikorako tartea aurkeztu dute.
Ondorioak: Erresistentziako entrenamendua sarkopenia prebenitzeko estrategiarik egokiena dela ondorioztatu daiteke. Gainera, neurketa teknikaren sentsibilitatea, esku-hartzearen iraupena edota entrenamenduaren ezaugarriak kontsideratu beharreko puntuak direla aurkitu du errebisio honek. Halaber, sarkopeniaren prebentzioan, proteina kantitate egokia kontsumitzeak ere eragina izan dezake. Edozein modutan, ikerketen kopuru eskasak eta horien mugek ez dute emaitzen orokortzea baimentzen eta gehiago ikertzeko premia erakusten dute.