Kirurgia osteko portaera-asalduren sindromea otorrinolaringologiako paziente pediatrikoetan. Behaketa prospektiboan oinarritutako ikerketa
Abstract
[EUS] Sarrera: Kirurgia ostean haurren berreskuratze prozesua geldotu eta gurasoen asetze maila jaisten duten portaera-asaldurak deskribatu izan dira. Aldaketak minari, antsietateari eta gorputzak emandako estres-erantzunari atxikitu zaizkion arren, mekanismo eta faktore eragileak ez dira guztiz ezagutzen. Helburuak: Kirurgia osteko portaera-asalduren sindromearen maiztasuna eta faktore eragileak determinatu; eta portaera-patroi errepikatuenak zehaztu nahi dira. Material eta metodoak: 2018ko maiatza eta azaroa bitartean Donostia Unibertsitate Ospitalean otorrinolaringologiako kirurgia izan duten 0 eta 14 urte bitarteko haurrak aztertu dira. Historia klinikotik jaso dira sexua, adina, kirurgia mota, zirujaua, gaueko ospitalizazioa behar izan den eta anestesian erabilitako farmakoak. Gurasoei egindako galdetegien bitartez jaso dira antsietateari edo aurreko esperientzia traumatikoei, minari (PPPM galdetegia) eta portaera-asaldurei (PHBQ galdetegia) buruzko informazioa. Datuak X2 frogak eta OR kalkulatuz aztertu dira, IBM SPSS 21 programa erabiliz. Emaitzak: Subjektuen %68,75-ak izan ditu portaera-asaldurak hirugarren edo laugarren egunean eta %13,125-ak hamabosgarren egunean. Sindromearekin erlazio esanguratsua erakutsi dute antsietateak edo esperientzia traumatikoak (p=0,039); rokuronioak (p=0,02), oxido nitrosoak (0,032), sevofluoranoak (p=0,004), desfluranoak (p=0,035) eta minak (p<0,001). Gainerako faktoreek ez dute portaera-asaldurekin erlaziorik izan. Ondorioak: Portaera-asaldurak haurren bi herenetan ikusten dira, eta gutxi irauten dute. Minak, kirurgia inguruko antsietateak, aurreko esperientzia traumatikoek, sevofluoranoak eta rokuronioaren erabilerak sindromearen agerpena errazten dute. Oxido nitrosoak eta desfluranoak faktore babesle gisa jokatzen dute. Asaldura ohikoenak gurasoengandik banatzeak sortutako beldurrari lotutakoak dira.