Elikadura nahasmen sentsibilizazio eta prebentzio programa inklusiboa: garapena eta ebaluazioa
Abstract
Sarrera: Elikadura nahasmenak portaeraren nahasmenduak dira, elikadura-portaera, pentsaera eta emozioetan ematen diren alterazio larri eta iraunkorrekin ezaugarritzen direnak. Prozesu konplexuak dira eta ez dira erraz antzematen. Herrialde garatuetan maiz ematen diren nahasmenak dira, bereziki nerabezaroan agertu eta osasun ondorio larriak ekar ditzaketenak. Neskek prebalentzia altuagoa aurkezten badute ere, azken urteotan mutilen kasuak gora egiten ari dira. Prebalentzia handia izan eta horiek jasaten dituzten pertsonentzat ondorio negatiboak izan baditzakete ere, orain arte ez da euskarazko esku-hartze programa inklusibo bat garatu, hortaz, euskarazko programa proposatu da, aurrekoak izan dituzten muga batzuk gainditu nahi dituena. Helburuak: Sentsibilizazio eta prebentzio esku-hartze programa inklusibo bat diseinatzea eta programaren eraginkortasuna ebaluatzeko neurriak garatzea, elikadurari buruzko ezagutza eta jarrera egokiak eskuratzean oinarritzen dena. Metodoa: Lehendabizi gaiaren inguruko errebisio bibliografikoa egin da, ikerketa berriak aztertzea lehenetsi dela, bereziki, elikadura nahasmenak sexu eta genero-identitate desberdinetan lantzen dutenak. Horrez gain, arrakasta izan duten programak landu dira. Emaitzak: 8 saioko esku-hartze programa diseinatu da, 13 orduko iraupena duena. Programan zehar elikadura, ohitura osasuntsuak, etiketatua, elikadura nahasmenak, edertasun kanonak eta sexualitatea landuko dira, besteak beste. Programaren emaitzak hiru galdetegiren bitartez ebaluatuko dira, EAT-40, BMSRQ eta Elikadura ohitura galdetegia. Eraginkortasuna aurkeztuz gero kontrol taldeari aplikatuko zaio. Ondorioak: Nerabezaroan elikadura nahasmenen lehen mailako prebentzioa egitea garrantzia handikoa da, hezkuntza nutrizionala eta alderdi psikologikoak lantzea eraginkorra izanik. Hori dela eta, egindako proposamena sentsibilizazioa gauzatu eta nahasmenen agerpena ekiditeko aukera interesgarria izan daiteke.