Ahaidetasun interkonfesionala al-Andalusen. Jatorri baskoidun emakumeak iturri arabiarretan
View/ Open
Date
2022-03-07Author
Iglesias Pamparacuatro, Enara Maider
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen xedea zenbait euskal jatorridun emakumeren inguruko iturrien bitartez,
hauek al-Andaluseko gizartean betetako papera zein izan zen aztertzea da. Horretarako,
eta besteak beste, Ṣubḥ al-Baškunsīyaren kasua, hari buruzko kronisten aipamenak,
gertakariak eta abar hartuko dira testuaren gidaritzat. Hortik abiatuta, egun Euskal Herria
bezala ezagutzen dugun lurraldeak arabiarrekin izandako harremanak aztertu nahi dira,
betiere begirada emakumeengan jartzen saiaturik. Era berean, islamiar gizartearen
ahaidetasun egiturek (ikuspuntu antropologikotik azalduta) marko sozio-politiko honekin
duten lotura argitzea bilatuko da, azkenean ikuspegi ahalik eta osotuena eskaini ahal
izateko.
Sarrera gisan, Iruñeako monarkiaz arituko dira hurrengo orrialdeak: musulmanekin
izandako harremanetaz, aztergai dugun lurraldeaz, eta iturri arabiarretaz. Ondoren gaiaren
analisia litzatekeenera pasako gara. Lanaren zutabeetako bat ahaidetasun estrukturak dira;
hau da, Iberiar Penintsulan ezarri ziren arabiar haiek, haiekin ekarri zituzten
senitartekotza-loturak. Hauen bitartez zenbait kontzeptu definitzen saiatuko da lan hau:
alde batetik leinuaren edo familiaren osaera eta bestetik harekin lotuta doazen endogamia
edo poligamia bezalako kontzeptuak; baita sexualitateak azken bi hauetan eragindakoaz
ere. Ahaidetasun-egitura horiek aztertu ostean, Iruñeako monarkiak bertan izandako
paperari ere lekua utziko zaio. Ondorioz, esklabotzaz haratago, emakumeen oparitzea eta
horren zergatiez arituko gara. Lehen atal hau oinarritzat erabiliko da bigarren atal batean
emakumeengan era zehatzagoan arreta jartzeko.
Lanaren bigarren zutabea litzatekeenak, beraz, emakumeen inguruan hitz egiten du;
baina, hasiera batean, iturrietatik lor daitekeen informazioa baliatuz, euskal jatorridun
emakume desberdinen bizitzei lekua utziko zaie. Horrela, kronikagileek haien inguruan
idaztea (bigarren plano batean agertu ohi badira ere) erabakitzean, guk beste zenbait
kontzepturen inguruan aritzeko aukera jasotzen dugu. Hori dela eta, aipatutako emakume
horien inguruan dakiguna baliatuz, emakumeek orokorrean beste ze paper betetzen zuten
ikusiko da; hala nola: esklabotza, ohaidetza edo ezkontza. Amaitzeko, kronistek pertsona
hauek aipatu izanak ze garrantzia izan dezakeen edota zer esan nahi dezakeen aztertzen
saiatuko gara. Puntu guzti hauek jorratu ostean, eta lana itxi ahal izateko, ondorio batzuk
emango dira, lanaren itxiera gisan.