Giza oklusio biomekanikaren analizatzaile digitalen zehaztasunaren azterketa eta hobekuntza teknikak
View/ Open
Date
2023-12-14Author
Jauregi Odriozola, Mikel
Metadata
Show full item recordAbstract
Garai digitalean bizi gara eta digitalizazioak gure bizitzaren arlo guztietan eragin zuzena duela geroz eta nabarmenagoa da. Medikuntzan eta Odontologian ere garai digitala iritsi da, eta horrek betiko lan egiteko modu konbentzionalak guztiz aldatu ditu. Nahiz eta tresneri digital berriek aukera oso interesgarriak eskaini, horien erabilpenak ezagutza berriak eskatzen ditu eta betiko ezagutza modu berrietan ulertzeko beharra ekarri du. Giza oklusioaren biomekanikaren informazioa jaso eta neurtzeko, oklusio analizatzaile digitalak garatu dira. Horiek paper artikulatuak modu konbentzionalean ematen dutena baino askoz informazio osatuagoa ematen dute oklusioari buruz.Oklusio analizatzaile digitalek hortzen arteko kontaktu puntuen lokalizazioa edo kokapena emateaz gain, puntu horietan denboran zehar ematen diren kontaktu indarrak neurtu eta grabatu ditzakete. Hala ere, hasiera batean odontologoentzako hain informazio interesgarria eman dezaketen gailu horiek, ez dira hortz kliniketan uste bezain beste zabaldu.Alde batetik, uste da kontaktu indarren informazioa ondo ulertu, interpretatu eta hortz tratamenduetan aprobetxatzeko oinarrizko ezagupenak falta direla. Oklusioa ekintza biomekaniko konplexua da, parte hartzen dutelako, besteak beste, buruaren hezurrek, hortzeriaren geometriak, murtxikatze giharrek, baraila eta garezurraren arteko artikulazio tenporomandibularra (ATM) izeneko lotura mugikorrak, ahoaren mugimendu posibleak. Beharrezkoa da horiek guztiek hortzen arteko kontaktu indarretan sortu dezaketen eragina ulertzea.Bestalde, zehaztasun zalantzak sortu daitezke indar magnitude jakin bat neurtzeko eraikitako aparatu berri baten neurriek. Erreferentziazkoa den T-Scan analizatzaile digitala, merkaturatzen aurrenekoa izan zen eta duela urte gutxi merkeagoak diren eta antzerako funtzionalitatea duten beste analizatzaile batzuk merkaturatu dira. Ondorioz, merkatuan dauden analizatzaile digitalen artean aukeraketa egiterako garaian erabiltzaileak zalantzak izan ditzake.Hau guztia kontutan izanik, artikuluen bildumaren bidez egin den doktorego tesi honetan zenbait galderei erantzuna eman nahi izan zaie eta argitaratutako hiru artikuluetan, ikerketa lerro honen barruan osagarriak diren hiru gai desberdin landu dira.Lehenengo artikuluan, oklusioaren biomekanika hobeto ulertzeko, in-vitro saiakuntzak egiteko metodologia berri bat garatu da eta murtxikatze indarren kokapen-aldaketak kontaktu indarren magnitude eta zentroetan eragin zuzena dutela ondorioztatu da. Horrek agerian utzi du, odontologoek ezin dutela kontaktu indar orekatu bat betirako lortu hortzen geometrian aldaketak eginez soilik.Bigarrengo artikuluan, merkatuan dauden bi analizatzaile digitalak kontaktu indarren oreka neurtzeko duten doitasuna aztertu eta konparatu da in-vitro saiakuntzen bidez. Analisi eta konparaketa industrian ezaguna den GRR ¿Gage repeatability and reproducibility¿ metodologia aplikatuz burutu da, bi ondorio nagusi ateraz: T-Scan erreferentziazko gailuak, OccluSense gailuak baino burutu dadoitasun altuagoa duela, eta OccluSense analizatzailearen erreproduzigarritasun baxua modu esanguratsuan hobetu daitekeela, sentsore pizioelektrikoa hortzerian ondo zentratuta kokatzeko pieza batekin erabilita.Azkenik, behin sentsorearen kokapenaren garrantziaz ohartuta, hirugarrengo artikuluan sentsorea beti modu erreproduzigarri batean hortzerian kokatzeko teknika bat garatu da. Teknika hori, gizaki bakoitzarentzat indibidualizatu beharreko kubeta baten erabileran oinarritzen da. Erabili beharreko kubeta berdina da T-Scan eta OccluSense analizatzaileentzat, eta kubetaren zein kubeta analizatzaile bakoitzean ezartzeko beharrezkoa den egokitzailea online jarri dira eskuragarri, nahi duenak erabil ditzan. Teknika horrekin, egun desberdinetako oklusio erregistroak elkarrekin doitasunez konparatu daitezke.Aurrera eramandako 3 ikerketa lan konkretu horiekin, analizatzaile digitalen azterketa eta erabilpenean aurrerapauso bat eman da, eta proposatu diren metodologiak, ikerketa berriak aurrera eramateko baliagarriak izango dira.