Jaiotzetiko desgaitasuna eta eratorria: errealitate partekatuaren giltzarriak
View/ Open
Date
2024-01-23Author
Alberdi Ibarmia, Juan Ramón
Metadata
Show full item recordAbstract
Tesi honetan jaiotzetiko desgaitasuna eta eratorritakoaren arteko alderaketa egiten da, nolabait desgaitasuna duten pertsonek partekatutako errealitatea bistarazteko xedearekin. Ikerketa bide hori hartzearen zioa, interes zientifiko eta sozialaz gain, ardura pertsonalak bultzatu du, ezen duela hamasei urte eratorritako desgaitasuna edukitzeaz gain, jaiotzetiko desgaitasuna duen mutil-gazte baten aita ere banaiz. Desgaitasuna terminoaren sorrera finkatzeko asmoz, XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hastapenetan kokatu dugu, industrializazio bortitza eta Lehen Munduko gudaren sarraskiek utzitako albo ondorioak deskribatzeko baliatu zelako; horrela, norbanako produktiboak eta produktiboak ez zirenak bereiziz. Jaiotzetikoak diren, edota gerora eratorritako gabezia fisiko, psikiko, sentsorial eta intelektualak hartzen ditu bere baitan. Horregatik, desgaitasuna fenomeno biopolitiko gisa kontsideratu dugu, Estatuak herritarren bizitza-kondizio eta aukeretan ezarritako kontrolaren emaitza delako. Hori guztia gauzatzeko, gizartean normaren langa bereizlea zedarritzen da, zeina legedia, normal/anormal terminoen esanahia eta gorputz eredugarrien inposaketan funtsatzen den. Ondorioz, gizarteko parte hartzea ¿atzeko atetik¿ bideratuz.Estrategia politiko horren ondorioz, desgaitasuna duten pertsonenganako identitate negatiboa hautematen da gizartean; alde batetik, Foucault-en ¿dispositiboaren¿ lerroari jarraiki, menpekotasunezko jokabideak ezarriz; eta bestetik, Bourdieu kontuan hartuz, menpekotasun hori onarrarazten duen ¿habitusa¿ sortaraziz. Horrek guztiak gure gizartean funtsezkoak diren jardueretan desabantailak eragiten ditu, nolabait kapital ekonomikoa, kulturala eta soziala lortzeko abaguneak murriztuz: arlo ekonomikoan, lan merkatuan sartzeko aukera murritza eta jasotako laguntza ekonomikoen eskasia; arlo Kulturalean, hezkuntza bereziaren bidezko segregazioa; eta arlo sozialean, harreman sozialak edukitzeko zailtasuna, edo harreman sexu-afektiboak eraikitzeko oztopoak aztertu ditugu. Alboratze horri aurre egiteko orduan, terminologia egokiagoaren aldeko aldarrikapenak izan dira nabarmenenak, zeina ¿politikoki zuzena den hizkuntza¿ gisa ezagutzen den. Alabaina, lan honetan mintzaira horren aurkakoa den ¿crip teoriarekin¿ bat egiten dugu, desgaitasunaren errealitatea gardenago islatzez gain, desgaitasuna duten pertsonen ahalduntze bideak ere irekitzen dituelako. Planteamendu teoriko hau desgaitasuna duten pertsonen errealitatean txertatzeko, behaketa parte-hartzailea egin dugu desgaitasunaren inguruan mugitzen diren elkarteetan, horrez gain, hamasei elkarrizketa ere bai, generoa, adina eta desgaitasun mota (jaiotzetikoa eta eratorria) kontuan hartuz. Eta tesiaren inplikazio pertsonala medio, nire auto-etnografia ere landa-laneko informazioarekin tartekatzen joan da. Aipatutako osagai guztiekin jaiotzetiko desgaitasuna duten pertsonek eta desgaitasuna gerora eratorri zaienen arteko erkaketa egiten da, berdinean dutena lokalizatuz eta desberdintasunak azpimarratuz.