Unitate fraseologikoen itzulpena: alemana-euskara. Literatur testuen corpusean oinarritutako analisia
Abstract
Tesi honen helburu nagusia unitate fraseologikoen (UF) itzulpena aztertzea izan da, alemanetik euskarara egin diren literatur itzulpenetan dauden itzulpen-portaerak (translation behaviours) deskribatu ahal izateko, bai zuzenean (edo aldez zuzenean) egin diren itzulpenetan bai zeharka egin direnetan ere. Izan ere, alemana-euskara hizkuntza-konbinazioan zeharkako itzulpenak ohikoak dira, batez ere haur- eta gazte-literaturari dagokionez.
Itzulpen-azterketa, gainera, corpusean oinarritutakoa izan da. Gure kasuan horrek esan nahi du corpus digitalizatu, lerrokatu eta eleanitza (alemana-gaztelania-euskara) sortu dugula, Aleuska katalogoa oinarri hartuta, eta corpus horretatik erauzi ditugula aztergai izan diren UFak.
Ondorioetan azpimarratu dugun legez, jatorrizko testuetako aberastasun fraseologikoa mantentzeko ahalegina dago euskal itzulpenetan. Are, jatorrizko testuetan UFrik ez egonagatik (edo ezer ez egonagatik) xede-testuetan UFak erabiltzea nahiko ohikoa da. Xede-sistemaren ahultasuna konpentsatzeko ahalegin gisa uler daiteke hori. Bestalde, euskararen egoera diglosikoa dela eta, zubi-hizkuntzaren interferentzia kasuak ere aurkitu ditugu; ez bakarrik itzultzaileek zubi-bertsioa eskura izan duten kasuetan (testu interferentzia), baita ustez zuzenean itzulitako testuen kasuan ere (interferentzia kognitiboa).