Abstract
Etorkizuna Eraikiz 2016ko udaberrian hasi zen. Gipuzkoan campusa duten unibertsitateak, gizarte antolatuaren ordezkariak, enpresak, elkarteak... guztiok heldu genion helburu bereziki erakargarri bati; hau da, iraganeko arazoak atzean utziko zituen Gipuzkoa berri bat eraikitzeari. Egungo mundu modernoan, lehen mailako albiste dira garai hartan planteatu genituen gai asko, hala nola mugikortasun modu berriak, gizartea zahartzearen auzia edo klima aldaketa. Harrezkero, Gipuzkoa buru-belarri ari da lanean, etorkizunari aurrea hartzeko eta lankidetzaren bidez gure gizartearen garapen sozial eta ekonomikoa bermatzeko. Lankidetzaren kontzeptua azpimarratu nahiko nuke: Etorkizuna Eraikizek lurraldeari egiten dion ekarpenik handienetako bat elkarlaneko gobernantza irekia zabaltzea izango da ziurrenik, eta hain geurea dugun zerbait ekartzen du politika publikoetara —hots, lankidetza—, lurraldearen erronka nagusiei erantzuteko.