Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean: CAT testaren egokitzapenaren gakoak eta estandarizaziorako urratsak
Osagaiz: osasun-zientzien aldizkaria 2(2) : 13-24 (2018)
Abstract
Afasiaren inguruko ikerketan eta tratamenduan ezinbestekoa da munduko hizkuntza-aniztasuna
kontuan hartzea; izan ere, hizkuntzen ezaugarri gramatikalek afasian agertzen diren sintomak
baldintzatzen dituzte. Bestalde, komeni da azterketa eta tratamendua gaixoaren eta haren senideen
ingurune linguistikoari egokitzea; eta afasia duten elebidunen kasuan, gainera, hizkuntza guztiak
aztertzea. Europako hizkuntza-aniztasuna kontuan harturik, hizkuntzen arteko ikerketa
konparatiboak eta afasia duten elebidunen azterketa ahalbidetzeko asmoz, afasia ebaluatzeko
Comprehensive Aphasia Test (CAT) (1) tresna hamalau hizkuntzatara egokitzeko bidean da, eta
euskara dago hizkuntza horien artean. Afasia duten euskal hiztunen kasuan premia berezia dago, ez
baitago hizkuntzaren azterketa egiteko tresna estandarizaturik. Ondorioz, euskaldunak elebidunak
izan arren, askotan euskara ez den hizkuntza soilik ebaluatzen zaie. Artikulu honetan, CAT tresna
euskarara egokitzeko ekimenaren berri ematen dugu, eta aurkezten ditugu prozesu horretan izaten
ari garen erronka nagusiak, hartutako erabakiak eta tresna estandarizatzeko emandako urratsak.
Zenbait adibide zehatzetan oinarrituta, erakusten dugu test bat egokitzea ez dela jatorrizko testa
itzultzea soilik itzultzea. Hain zuzen, aditzera eman nahi dugu Euskal Herri osoan erabilgarria den
tresna estandarizatu bat egin ahal izateko, ezinbestekoa dela aldagai psikolinguistiko eta
soziolinguistikoak kontuan hartzea, euskal gramatikan oinarritzeaz gain. Ebaluazio-tresna hori oso
garrantzizkoa izango da hainbat mailatan, bai osasunari eta ikerketari begira, eta aukera eskainiko die
afasiadun euskaldunei ebaluazioa euren lehen edo bigarren hizkuntzan egiteko tresna estandarizatu
baten oinarrian.